XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala ere, Bonnek Nurembergen ezarritako irizpideei jarraitu eta ez zuen ezer ordaindu 1939. urtea baino lehen eragindako kalteengatik.

Azkenean, bederen, historiografiak amaiera eman zion Condor Legioaren mitoari. Klaus A. Maier historialari militarrak agerian utzi zituen 1975. urtean faxistek Gernikari buruz zabaldutako gezurrak. Historialariak BRDko Aire Armadako komandante garai hartan era zientifikoan frogatu zuen Condor Legioak birrindu zuela foru-hiria.

Eskuin muturrak, Maierren ikerketaren ondorioz argitaratutako lanetan, aspaldiko ildo errebisionistari eutsi zion, eta, besteak beste, punteria txarra eta hirian lehergai ugari bilduta zegoela aipatu zuen. Izan ere, esan daiteke Alemaniako historiografiak ezer gutxi aurreratu duela 1975. urteaz geroztik, Espainiako eta Italiako artxiboetan ikertzea falta delako.

Hala ere, Alemanian zehaztasun zientifikoz diharduten historialariek, gutxienez, bere egiten dituzte Klaus A. Maierrek ateratako ondorioak.

Azken bi hamarkadetan Euskal Herriaz, Gernikaz eta bonbardaketaz lortutako ezagutza zientifikoaren aldean, guztiz bestelakoa izan da elite politikoak gai horren inguruan izandako jokabidea. Bai Helmut Schmidt-en gobernu sozialdemokrata-liberalak bai Helmut Kohl-en kristaudemokrata-liberalak ez dute onartu nahi izan Alemaniari suntsiketan dagokion erantzukizuna, eta ez dute egin errekontziliazio keinutzat har zitekeen inolako urratsik.

Haien pasibotasuna bi argudiotan zegoen oinarrituta: Alemaniak ez zeukan zertan barkamena eskatu edo, bestela, interpreta zitekeen edozein keinu egitea Espainiako barne arazoetan sartzea zela.

Gernikak Alemanian zuen ordezkariak, aita Jesus Aranak, zehaztasun handiz deskribatu zituen Gernika-Alemania: Gestio zailak izeneko memorietan bi gobernuen jokabide lotsagarria eta ageriko kontraesanak.

Memoriok 1992. urtean argitaratu ziren Bilbon, eta ezin hobeto islatzen dute zein izan zen Alemania ofizialak 1980tik 1992ra bitarte izandako jarrera: ezer ere jakin nahi ez izatea.

Gernika 1987an bihurtu zen eztabaidagai politikoa. Orduan, Petra Kelly eta Gert Bastian politikari berdeek Bundestag-era eraman zuten gaia errekontziliazio keinu bat lortu nahian. 1988ko azaroaren 11ko ebazpena izan zen haien iniziatibaren emaitza.